XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Larunbateko erasoak sei miloiko galerak eragin zituen

Erredakzioa / Iruñea

JAVIER OTANO Nafarroako Gobernuko lehendakaria Urdazubiko kuartelean izan zen atzo arratsaldean, larunbateko atentatuak eragindako kalteak ikusten.

Guardia Zibilaren kuartelari granadaz egin zioten eraso hurbileko mendi batetik.

Lau granadek jo zuten kuartela, eta lehertzean garrantzizko kalte materialak eragin zituzten.

Gobernu Ordezkaritzak jakinarazi duenez, kalteak 5,9 milioi pezetakoak (236.000 libera) izan ziren.

Otano arratsaldeko seiak aldera iritsi zen kuartelera, Cesar Milano gobernu ordezkariarekin eta Francisco Iribarren Urdazubiko alkatearekin batera.

Kuartela ikusi ondoren, agintari sozialistak Nafarroako Gobernuaren eta herriaren erabateko sustengua daukatela adierazi zien bertan bizi diren hogeita bost guardia zibilei eta euren senideei.

Lehendakariak gizarte osoaren mesedetan egin ohi duten lana eskertu zien guardia zibilei eta euren zereginetarako behar duten laguntza guztia eskaini zien.

Larunbat goizean, kuartelaren aurkako erasoa gertatu zenean, zenbait guardia zibil, euren emazteak eta hainbat haur zeuden eraikinean.

Granada bat altzairua hautsita barruraino sartu bazen ere, ez zen inor zauritu.